XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Anomalistak naturalistak ziren, onartzen zituzten halako paradigmak, bainan irregulartasunak azpimarratuz: Tebas, Atenas (grekoz, -s hori plural marka da) singular dira; generoari dagokionean adibidez, paidion (haur) neutroa da, etab.

Anomalistek ziotenez, hizkuntza hitzarmen baten ondorio balitz, halako salbuespenak ezinezko lirateke.

Eztabaida honek, besterik gabe, ez dirudi oso probetxugarri.

Gauzak beren lekuan kokatu behar dira ordea.

Eztabaida hau, esan dugunez, J.K.a. II. mendean ematen da.

Garai hartan, Atenasek indarra galdua zuen, eta bi hiri ziren kulturaren ardatz: Pergamon estoikoek irakasten dute; esanahiaren arazoak dituzte aztergai nagusitzat.

Alexandrian, beste hiriburuan, Aristarko da maisu, Homeroren testuen interpretatzailea.

Hasieran aipatu ditugun bi jarrerak teorikoa eta pragmatikoa ditugu hemen beraz.

Estoikoek ez zegoela erlazio unibokorik hitza eta esanahiaren artean ikusi zuten (sinonimia, polisemia... halako irregulartasunak aztertuz); anonalistak ziren beraz.

Alexandriako jakintsuek, berriz, greko klasikoaren gramatika baten beharra zutelarik, analogiak aztertu eta paradigmak osatzen saiatu ziren.

Bi jarrerek badute, ikusten denez, arrazoirik.

Eta gerora analogistak izan badira irabazle zergatiak begibistakoak dira; hizkuntz deskribapenerako askoz emankorragoa da paradigma erregularretan oinarritzea salbuespenetan baino.

Alexandria, izan ere, J.K.a. III. mende inguruan Mendebaldeko kultur hiri nagusia bihurtu zen.

Bertako liburutegira hurbildu ziren jakitun ugari, eta hauen artean liburu sakratuak itzuli nahi zituen judu asko.

Horretarako, greziar klasikoen obrak aztertu eta honela eratzen da piskanaka greziar gramatika, Aristarkoren ikasle izan zen Dionisio Traziok J.K.a. I mendean burutuko duena.

Hemen azpimarratu nahi duguna ordea, lehen aipaturiko falazia klasikoa delakoa da.

Lyonsek dioenez, Alexandriako ikasketa guzti hauek bazuten beste helburu bat: greziar idazle zaharren hizkera garbia gorde, garaiko aho-hizkuntzaren mordoiloetatik baztertuz (6) LYONS, Introducción... 10 or..

Bi akats ditu planteaketa honek ordea, (eta hemen dago falacia): aho hizkera eta idatziaren arteko harremanei dagokiena da bata, eta hizkuntz bilakaerari dagokiona bestea.

Lehenari dagokionean, hasiera-hasieratik ikasketa hauek testu idatzietan oinarritzen zirela esan behar da; bestalde, hotsa eta grafia arteko bereizkuntza ez zen batere zehatza.

Eta bien artean desberdintasunak sortzen zirenean, ahozkoa idatziaren ondoriotzat ematen zen beti.

Literaturarekiko kezkak areagotu egin zuen joera hau.

Bigarrenari dagokionean hizkuntz bilakaerari V. mendeko hizkera klasiko eta txukuna idazle kultoek besterik ez omen zuten gordetzen, ezjakinek hondatu eta zikindu egiten zutelarik.

Hizkuntz aldaketa beraz ustelkeriarekin identifikatzen zen.

Lyonsen ustez eta gezurra badirudi ere, bi mila urtetan iraun du ideia honek.